Historia

HASIERAKO URTEAK

Euskal Herriko beste herri-hiri askotan lez, 1960ko hamarkadan sortu zen Galdakaoko ikastola ere, haurrei euskal kulturan oinarritutako heziketa euskalduna eskeintzeko helburuaz.

Guraso talde batek 1966ko uztailean ikastola sortzea erabaki zuen, eta 1967ko urtarrilean sortu zen Zabaleako txaletean 35 umerekin eta andereño birekin.

Sasoi hartan irakaskuntzan euskaraz egitea galerazita zegoen, eta Delegaritzak eta agintariek hanbait ostopo jartzen zituzten. Inspekzioa eta Udaletxea gaine gainean zituzten, eta espainiako bandera ere jarri beharra izan zuten. Gainera ikastolan ikasten zuten haurren etorkizuna ere ez zen ikusten argi.

Ikasleek “Libro de Escolaridad” zeritzana beteta izan behar zuten batxillerrean 10 urterekin hasi ahal izateko, eta horretarako ikastolak legeztatuta egon behar. Itziar Barrenetxea andereñoaren izenean lortu zen ikastolak aurrera jarraitzeko baimena eta horrela jarraitu zen Kooperatiba sortu arte.

Legeztatze prozesuan beste oztopo garrantzizko bat 1.970eko “Ley general de Educación” izan zen. Lege horrek jartzen zituen baldintzei aurre egiteko eta ikastolaren hazkundeari erantzuteko, Kooperatiba sortu eta eraikin berria egin zen.

Arazo ekonomikonomikoak ere ez ziren txikiak, eta horretan gurasoek eraman zuten zama nagusia kuoten eta beharraren bitartez; baina beste bitarteko batzuk ere jorratzen ziren: kupoiak, jaietako taberna…. Gainera obra asko egin, lokalak utzi eta beste aportazio batzuk doainez egin zituzten heritar askok. Horrek adierazten du herrian bai zuela ohiartzuna eta pisua ikastolak, ikastolak herritarren euskal sentimentuekin konektatzen jakin baitzuen. Esaterako herriko adinekoen euskarazko lehen klaseak ikastolak antolatu zituen, eta baita lehen Olentzero ere.

Kurtsoz kurtso ikasle kopuruaren hazkundea bizkorra izan zen eta 1974-75 ikasturtean 176 ziren haurtzaindegitik OHO 6ra arte. Txaleta txiki gelditu zen eta inguruetako lonjak egokitu behar izan ziren; 1977-78 ikasturtean institutuko gelabatzuk ere erabili ziren. Hurrengo kurtsoan ikastola berria zabaldu zen.

Pedagogia eta materiala


   Baina haurrei heziketa euskalduna ematez aparte sasoi artako ikastolak pedagogi aldetik ere aitzindariak eta berriztatzaileak izan ziren eta gure ikastola ere bai.

   Une hartan hezkuntzan pil-pilean zeuden metodoak erabiltzen ziren. Freinet, Piaget, Decroly, Montesori, Rosa Sensat-en irizpidetan oinarritzen ziren, horretarako andereñoak ikastaroak egitera eta esperientzi barriak ezagutzera Kataluniara eta Gipuzkoako ikastolatara joaten ziren. Eta egiten zituzten ikastaroen arabera metodologia berriztatzen joaten ziren. Esaterako Irakurtzen eta idazten ikasteko metodo globala erabiltzen hasi ziren, txokoak izaten zituzten eta abar.

   Materiala oso urria zen: andereñoek eurek sortu behar izaten zuten, horretarako beste ikastola batzuetako andereñoekin batu eta ideiak eta esperientziak trukatuz.

   Fotokopiagailurik ere ez zeukaten eta “Cola de pescado” zeritzan masa prestatuz egiten zituzten kopiak haurrentzat; beste kasu batzuetan idazketa lantzeko fitxak banan banan prestatzen zizkien.

Umeekin koloniak ere urtero egiten zituzten andereñoek uztailaren bigarren hamabostaldian ( Irantzu, Leire, Xabier, Barria, Lizarra ); eta kolonietara joaten ez zirenek ikastaroak izaten zituzten. Lehen urteetako kolonietan gurasoek parte hartzen zuten: janaria prestatzen, garbiketan….

Gaur egun guztiz normaltzat jotzen dugun hezkidetza eta 3 urterekin ikastolan hastea ere berrikuntza garrantzitsuak izan ziren garai hartan.

Kooperatiba, ikastola barria


1973ko urriaren 25eko Batzar Nagusian eratu zen Kooperatiba “Cooperativa de Enseñanza Galdácano” izenaz, eta 1974ko abenduan egin zen ikastolaren titularitate aldaketa, kooperatibako andereñoarengandik lehendakiriarengana pasatuz.

Bestalde 1972.urtean hartu zen ikastola berria eraikitzeko erabakia. Horretarako terrenoa 1974an erosi zen. Ondoren Eskolaurreko 5 unitate, OHOko 16 eta BUPeko 6 unitaterako ikastetxea egiteko proiektua aurkeztu zen Madrilen. Baina bakarrik onartu zituzten Eskolaurrea eta OHO, Galdakaok BUPeko nahiko gela bazuela esanez ( agian bai, baina gazteleraz ).

Azkenik, 3 biderrez aldatu ondoren, eraikitzeko baimena Hirigintzako Batzorde Probintzialak 1976aren hasieran onartu zuen, eta baimen hori Udaletxeak bermatu ondoren, ikastolako Batzar Nagusiak 1976ko uztailaren 7an onartu zuen obren hasiera.

Terrenoa erosteko dirua bazkideek jarri zuten, bakoitzak 40.000 pta. Horretarako kreditu pertsonalak eskatzeko bidea hartu zuen ikastolak, eta eraikinaren kostua ordaintzeko kredituarena. “Banco de Crédito a la Construcción” zelakoak 35.200.000 pta.ko kreditua eman zuen, baina hortik aparte banku pribatuetan ere eskatu behar izan ziren beste kreditu batzuk.

 

Eskola publikoranzko bidea


Franco hil ondoren, 1978an, Euskal Kontseilu Orokarraren garaian, ikastolen norabidea planteatu zen. Bide horretatik abiatuz Borrador del proyecto de convenio de cooperación entre el M.E.y C., el C.G.V. y la confederación de Ikastolas aurkeztu zen ikastolan.

Gaia talde txikietan aztertu ondoren 1980ko otsailaren 12ko Batzar Nagusian ondorengoa adierazi zuen juntakide batek: Hitzarmen horretan Ikastola publikoa izatea onartu behar zen, hau da, demokratikoa, ideologikoki eta politikoki anitza, euskalduna, eta doakoa, eskolaurrea eta haurtzindegia ere doakoak izanik. Bozketan Hitzarmena onartzea erabaki zen.

1.983ko ekainaren 22ko Batzar Nagusian aurreko urteko ekainean Eusko Jaurlaritzak E.I.K.E. legea atera zuela ikatolentzat esan zuen lehendakariak, baina hau ez zela eskola publikorako bidea eta Junta E.E.P.A. alternatibaren alde zegoela. Alternatiba hau azaldu ondoren bozketan aurrera irten zen ( 116 alde eta 20 aurka ). Edozelan ere urte horretako abenduko Batzar Nagusian Eusko Jaurlaritzak E.E.P.A. alternatiba ez duela negoziatu nahi esaten da, eta ezer ez duela egin nahi haren alde.

1985eko urriaren 29ko Batzar Nagusian berriz aipatzen dira Euskal Administrazioarekin izandako harremanak, ikastola Sare Publikora sartzea dela-eta. Baina 1986ko apirileko Batzar Nagusian esaten denez alperrekoak izan ziren kontaktu horiek.

1986ko irailean egindako Batzar Nagusian ere Euskal Administrazioarekin izandako harremanetaz informatzen du Zuzendaritza Batzordeak, esanez Eusko Jaurlaritzarekin Kontzertua sinatzera behartuta aurkitu zirela, sinatzen ez bazuten subentzio barik gelditzen zirela esan zietelako, nahiz-eta jakin kontraesanean zegoela ikastolak Eskola Publikoaren alde hartutako erabakiarekin; baina bazegoela atzera egiteko modurik ere, eta Kontzertu hori Tribunal Konstituzionalean errekurrituta zegoela. Gaia luze eztabaidatu ondoren bozketan sinatzea onartu zen gehinegoz ( 113 bai eta 78 ez ). 1989ko otsailean, berriz, onartu zen bozketaren bidez Ikastolen eta Administrazioaren arteko Hitzarmena, patrimonioaren uzteaz batera.

Euskara


Ikastolaren historian zehar ikasgaiak euskara hutsean eman dira beti, eta ikasleekiko harremanak ere horrela izan dira, behintzat haurrek horretarko gai ziren guztietan. Hala ere ikasleen arteko euskararen erabilpen eskasak, eta baita gurasoenak ere, beti kezkatu du ikastola, horri soluziobideak jartzen saiatuz. Zentzu honetan kontuan izan behar da gure ikastolan, besteetan bezala, ama hizkera euskara ez duten haurrak proportzionalki ugarituz joan zirela eta direla. Arlo horretan egin den guztia hemen agertzea ezinezkoa da, baina kezka horiek ikastolako Batzar Nagusietan ere izan zuten bere tokia.

Zuzendariek Batzar Orokorretako informe pedagogikoetan behin eta berriz aipatzen zuten gai hori, gurasoak etxeetan euskara gehiago erabiltzera gonbidatuz eta seme-alaben euskara indartzeko bitartekoak jartzera animatuz. Gainera sarritan irakaslegoaren bozeramaile lez aritzen ziren. Esaterako 1983ko martxoaren 4ko Batzar Orokorrean irakaslegoak prestatutako, bozketaren bide onartu zena. Euskara sustatzeko proiektu eta kanpainak ere izaten zuten ohiartzuna beraien azalpenetan: bertsolaritsa, irrati saioak, euskararen egunak, Ibilaldia, Korrika….

Pedagogi Batzordearen proposamenez 4 urte baino gehiagorekin ikastolan sartzen ziren umeek euskararen ezagupenak izatea onartu zen 1978ko abenduko Batzar Orokorrean.

Ikastolan euskara indarberritzeko asmoz, 1981eko martxoan klaseko ikasle kopurua murriztea eta euskaraz ez zekiten haurrak euskaldunen artean murgiltzeko proportzioan matrikulatzea proposatu zuen batzorde honek, horretarako ume euskaldunei lehentasuna emanez. Proposamen hau gehiagizkoa iruditu zitzaien guraso askori eta ez zen onartu.

Batzorde honen eskariz Euskara batzordea sortu zen. Bestalde 1981eko abenduko Batzar Nagusian Kultura batzordeak gurasoentzako antolatutako euskarazko klaseen berri eman zuen. Baina eztabaidak ere sortu ziren inoiz euskaraz hitz egiteagatik.Esaterako 1981eko maiatzean egin zen Batzar Nagusian bazkide batek euskeraz egin zuenean batzuk kexaz azaldu ziren eta itzultzeko eskatu; beste batzuk, aldiz, interbentzio hori defendatu zuten, batzar horietan euskarak sufritzen zuen diskriminazioa aipatuz.

Aipagarria deritzogu baita ere 1982ko abenduaren batzarkide batek Euskararen erabilpenari zegokionez egindako proposamenari:

- Zuzendaritza batzordeko izateko euskaraz jakitea derrigorrezkoa izatea.

- 85/86 ikasturtetik aurrera umeekin harremana zutenek haiekin derrigorrez euskaraz egitea.

- Batzar Orokorretan, batzordeetan, eta ikastola barruko jardueretan euskaraz bakarrik jardutea.

Lehendakariari dagokionez, honek 1983ko apirilaren 15ean Zuzendaritza Batzordearen hiru egiteko nagusien artean euskararena adierazi zuen. Ordutik aurrera Batzar Orokorrak hastean lehendakaria lehenengo euskaraz eta gero gazteleraz aritu zela agertzen da Aktetan.

Euskaraz bizi


Euskaraz Bizi proiektuaz hitz egiterakoan, Argitxo etortzen zaigu gogora, eta hain zuen ere pertsonaia hau garrantzitsua izan da eta da gure ikastolako txikienen artean, euskararen erabileraren sinbolo bihurtu baita.

Proiektu hau Jose Luis Gorostidik plazaratu zuen momentutik hartu zuen parte gure ikastolak. Eredutzat Atarrabiako Paz de Ziganda, Tolosako Laskorain eta Gazteizko Toki Eder ikastolak hartu ziren. Proiektu honen helburua ikastoletako haurren artean euskararen erabilpena sustatzea zen, haur horiek euskara gehiago erabili zezaten ekimen bideak irekiz. Ekimen horiek bideratzeko eta koordinatzeko BIEk Zornotzan zuen egoitzan elkartzen ziren gure eta beste ikastola batzuetako irakasle arduradunak Gorostidirekin.

Proiektu hau euskararen errealitatea aztertzetik abiatzen zen, horretarako erabilpen neurketak eginez ikastolako toki egoera ezberdinetan; ondoren lortu beharreko helburu zehatzak eta erabili beharrako estimuluen eta errefortzuen plangintza (mailakatua) egiten zen.

Bertsolaritza


Bizkaiko ikastoletan bertsolaritza sustatzeko BIEk Jon Lopategi liberatu zuenean, erabaki genuen guk ere bertsolaritza lantzea, euskal kulturaren arlo garrantzitsua izatetik aparte euskararen irakaskuntzan eta motibapenean baliabide garrantzitsua zela uste genuelako. OHOko Goi zikloan astean ordu betez hasi ginen lantzen bertsoak, eta zaletuenekin talde txikiak osatzen genituen; hauekin irteerak ere egiten ziren beste ikastola edo eskola batzuetara. Konkretuki Gandasegi eskolarekin haruemana izaten genuen hangoak gurera etorriz eta gureak harengana.

Herrian sortu berri zen bertso eskolak antolatutako bertso lehiaketetan ere parte hartze handia izan zuten ikastolako ikasleek, eta hauen bertso ugari ageri dira bertso eskolak ateratako liburuxketan. BIEk antolatzen zituen idatzizko eta babateko bertso lehiaketetan ere nabarmendu izan dira Eguzkibegiko ikasle batzuk.